Zergatik Catalunian F1 eta Euskal Herrian karakola?
No hay más respuestas a la pregunta
Josu Mendicute

F1 eraikitzeko tailerra martxan dago eta hari dagokio abiadura ezartzea


Kaixo Luis:

Ezer baino lehen, eskerrik asko plataforma honen bitartez galdera bat luzatzen lehena izateagatik. Espero dut erreminta honi zukua ateratzea aurrez aurre posible ez den eibartarrekin hartu-emanetan aritzeko. Hain zuzen ere Eibarko herritarrei udal ardurako kontuetaz erantzutea da nire helburua, Eibarko zinegotzi naizen heinean. Horregatik, uste dut ez duzula ate egokienean jo galdera hori luzatzeko. Plataforma honetan bertan dago Andoni Ortuzar EBBko presidentea eta ziur naiz berak egoki erantzungo lizukeela.

Nolanahi ere, galdera niri luzatu didazunez, eta bi lurralde desberdinetako egoera politiko desberdinen arteko jarrera desberdina azaltzeko eskatu didazunez, uste dut beharrezkoa dela bi kontestu horiei bere azalpen propioak ematea.

Kataluniako abertzaletasunak urte luzetako ibilbidea du bide soilik politiko eta demokratikoetatik jardunda. Zoritxarrez, ez da hori Euskal Herrian dugun egoera, non oraindik bide luzea dugun egiteko, errespetua eta elkarbizitza joko politikoan behin betiko ezar daitezen. Bestalde, Katalunian herritarrak altxatu egin ziren Euskal Herrian dagoeneko bageneuzkan eskubide batzuk lortzeko, eta eskari horrekiko Estatuaren ukazioaren aurrean gailendu da uholde independentista.

Beste alde batetik, Katalunian aspaldi gainditu zuten lurraldetasunaren auzia, eta ez zait iruditzen Hego Euskadin auzi horren nondik norakoak argi daudenik. Prest al gaude EAE osatzen dugun hiru lurraldeetako herritarrok Nafarroa eta Iparraldea gabe Estatu-eraketarako prozesu bati ekiteko? Ni prest nengoke, baina beste asko ez. EAJrengan jartzen duzu zama guztia, baina zein da gai honekiko ezker abertzalearen iritzia, iritzirik baldin badauka?

Uste dut atzera begiratuta badaukagula zer ikasia, eta klabeetako bat daukagu Eusko Legebiltzarrak 2004ko abenduaren 30ean gehiengo osoz onartutako Estatutu Politiko berrian. Espainiako Gorteek atzera bota zuten, tramitera onartu ere egin gabe, eta gatazka instituzional horren aurrean alderdi politikoak ez ziren gai izan, nire ustez, herri mugimendu bat artikulatzeko. Uste dut hor zeresana izan zuela, eta ez gutxi, ezker abertzaleko 7 legebiltzarkideetatik 3k bakarrik babestea. Horrekin batera, diskurtso gogor bat egon zen Estatutu horren aurka, Estatuaren menpe egotera kondenatzen gintuelakoan, orain erreferentziatzat jo nahi duten Ibarretxe Lehendakariaren aurpegia espainiar banderarekin identifikatuz. Egoera horretan, ez zen posible izan herritarrak zutik jarri eta Estatuaren ukazioaren aurkako olatu bat sortzea, alegia... Kataluniaren independentziaren aldeko olatuaren aurrekariaren pareko olatua ez zen posible izan Euskadin. F1 prest zegoen. Ez dakit Eusko Jaurlaritza gidatzen zuten hiru alderdiak gai izan ote ziren ala ez motorra martxan jartzeko, dakidana da beste batzuek gurpilak zulatu zituztela.

Hainbat aldiz egon naiz Katalunian bertan, prozesu honen harira, eta txalogarria da helburu demokratiko baten alde lortutako batasuna. Bide bat ireki diezaguke eta bide horri ekin nahi badiogu beharrezkoa iruditzen zait aurretiaz azaldutako kontuetan gauzak aldatzen hastea. Baina bidea guk geuk egin beharko dugu, eta horretarako Eusko Legebiltzarrean martxan dago Autogobernu Ponentzia. Lantalde horretan ordezkatuta daude EAEko herri ordezkariak eta batzorde horri dagokio erritmoak ezartzea. Uste dut alderdiek bertara eraman behar dituztela proposamenak, baldin eta serio lan eginez estatus politiko berri bat lortu nahi badugu. Hortik kanpo ematen diren titular asko gertuago daude barne-kontsumorako demagogiatik, independentziaren aldeko prozesu bat azkartzeko estrategia ausart baina zintzo batetik baino. F1ean igo aurretik, bidea argitu beharko dugu, eta horretarako dago Ponentzia.

Zure galderan Catalunia vs Euskal Herria jarri duzu, baina azalpenean alderdi politiko bakar bati leporatu diozu hemengo abiadura. Egoeraren azterketa desberdina egin dezakegu batzuk eta besteok, baina ez zait iruditzen zintzoki jokatuta alderdi bakar bati errua egotzita azterketa osoa egiten ari garenik eta, ondorioz, ez dut uste inplizituki egindako kritika horretatik fruitu ugari etorriko denik. Ponentzia hori da kotxea egiteko tailerra. Nekez izango dugu F1 mekanikoetako baten kezka gasolina etxera eramatea baldin bada.

Ondo izan.


  Compartir
Josu Mendicute
 Pregunta Zergatik Catalunian F1 eta Euskal Herrian karakola?

Aupa Josu, 

Ezin dut ulertu, Katalunian ziztu bizia hartu dute, eta aldiz Euskal Herrian Convergenciaren homologoa den EAJk karakolaren pare segitzen du. Independentziaren aroa zabalduko da, baina olatura batzen ez direnak ziur kanpoan geratuko direla (garela). Zein da zure iritzi zintzoa honen inguruan. Please, argudiotegirik ez. 

Enviada por
Usuario Anónimo Usuario Anónimo
19 de 10 Apoyos
11.09.2015

Únete a Osoigo

¿Eres político y estás interesado en participar en Osoigo?

Contacta con nosotros