Pregunta de Oscar Pinillos

24
apoyos

Zer gertatzen ari da jai herrikoiekin?

Uda garaian sartu berri gara eta jaiak gainean ditugu. Donostian orain pilpilean dauden gaietako batekin natorkizu, jaiak. Turismoa eta pisu ilegalen inguruan asko hitz egin da baina gaur donostiarrona den gai bati heldu nahi nioke. Azken asteetan oso entzutetsua izan den Karmengo Jaiak kasu, badirudi herritarrek herritarrentzat sorturiko jaiak bertan behera utzi nahi dituela Eusko Jaurlaritzak. Kaia nonbait turismora zuzenduta dagoela jakinik, tasak igo eta lehenbait lehen bertatik uxatzeko aukera ederra ikusi dute buruek.

Ez Karmengo Jaiak soilik, beste herri mugimendu batzuk ere zipristintzen ditu erabaki burugabe honek eta ez dago inongo azalpen publiko eta gardenik erabaki honen baitan. Urteroko burruka berdina da, urteroko arazo berdinak entzuten ditugu sare sozial eta prentsan eta nekagarria da oso.

Donostiako alkate zarenez gero, debekatu beharrean ez al zenukete jai herrikoien aldeko apusutua egin behar? Defendatu eta zaindu herritarrona dena mesedez.

Eskerrik asko aldez aurretik,

Oskar.

ver pregunta entera

Eneko Goia [EAJ/PNV]

10.08.2017

Jai eta ekitaldi gehienak herritarren ekimenez sortuak izan dira

Eneko Goia

Eneko Goia [EAJ/PNV]
10.08.2017

Jai eta ekitaldi gehienak herritarren ekimenez sortuak izan dira

Kaixo Oskar,

Eskertzen dut zure galdera eta lerro hauetan saiatuko naiz erantzuten.

Hirian ditugun jai eta ekitaldi gehienak herritarren ekimenez sortuak izan dira. Eta hauetako askok urte mordoa pilatzen dituzte gainera. Auzoetako jaietatik hasi, danborradatik pasa eta Jazzaldian amaituta adibidez. Guztiek izan dute atzetik gizartearen bultzada urte luzeetan antolatuak izan zitezen. Hauek guztiak herritarrek herritarrentzat sortutako jaiak izan dira, eta inork ez du hauek bertan behera uzteko asmorik. Eta zalantzarik gabe, guzti guztiak dira eskertzekoak. Hiria aktibo mantentzen duelako eta herritarron esfortzua eta denbora delako hauen motorra.

Donostiako kaiaren inguruan argi hitz egin behar dugu. Kaia, bertako bizilagun eta arrantzaleena izan da beti. Ez turistena, ezta jai herrikoiena ere. Azken urteetako planteamenduak sinplistak iruditzen zaizkit. Portua ez zen sortua izan jaiak antolatzeko eta gaur egun ere, ez du helburu nagusi gisa jaiak antolatzea. Urtean behin, kaiaren debatea mahai gainean jartzea ez da debate errealista ezta serioa ere. Portuak baditu bere bizilagunak, zerbitzuak, eragileak eta jarduerak. Eta horiek dira kontuan hartu behar ditugunak debatea gauzatzeko.

Ikuspegi zabala beharrezkoa da. Donostian urte guztian zehar ekintza pila antolatzen dira hiriko auzo guztietan. Eta hauetan betebeharrak sortzen dira, guztiok bete eta errespetatu behar ditugunak: gune publikoa okupatzeagatik tasak, ordutegiak errespetatzea, zarata eta ahalik eta zabor gutxien sortzea eta hizkuntza irizpideak errespetatzea. Hauek normaltasun osoz betetzen dira urte guztian zehar. Guztioi aplikatzen zaizkigu modu berdinean eta horrela izan behar du beti.

Mila esker eta ondo izan,

Eneko.

 

 

Compartir